
Euskal idazle, fraide frantziskotar eta euskaltzaina izan zen Imanol Berriatua. Helduak euskalduntzeko metodologiarik egokiena lortzeko xedez lan handia egin zuen. Besteak beste, Hitz egin! euskara ikasteko liburua idatzi eta berak asmatu zuen euskaltegi hitza.
Literatura erraz hau behar-beharrezkoa da. Euskal Herrian bi milioi herritar euskaldundu behar ditugu, eta lagun horiei euskara erraza eman behar zaie, noski
Imanol Berriatua, 1981

Literatura jasoa eta landua beharrezkoa den moduan,ikasten ari denak bere ezagutza mailaren neurrira idatzitako testuak behar ditu. Euskal Herrian milaka pertsona ari dira euskara ikasten euskaltegi eta eskoletan. Beraientzat sortu dugu Euskara errazean bilduma, uneoro hiztegira begiratzen ibili gabe irakur daitezkeen liburu eskuragarriak. Lehenengo sorta honetan lau liburu atera ditugu.
